ZUHAITZEI SUSTRAIETATIK EUTSIZ, AHTrik EZ!!
Gaur, irailaren 29a, komunikatu honen bidez, AHTren proiektuaren aurka hasi berri den erresistentzia eta desobedientzia ekintza baten berri emango dugu. Bart gauetik, Itsasondo eta Legorretako lurretan AHTren obrek kalteturiko eremuan dauden zuhaitzetan zintzilikatu dira hainbat lagun. Ekintza honekin, lur hauetan egin nahi den triskantza eta zuhaitzen mozketa salatu eta ekidin nahi da. Horretarako, 120 urte inguru dituzten hiru pagotan plataformak muntatu dira eta ekintzaileak 20mko altueran daude, jaisteko asmorik gabe eta zuhaitzak defendatzeko prest.
Gogor salatzen dugu joan diren egunetan, Euskal Y-aren Ordizi-Itsasondo zatiko AHTren tunelaren obrak Itsasondo eta Legorretako Zubin erreka inguruan hasi dituztela baso mozketari ekinez. Azpimarratu nahi genuke lur kaltetu hauek nekazaritza eta abeltzaintzatik bizitzeko hautu sendoa egin duen familiari dagozkiola, eta baserritar hauek AHTaren inposaketaren aurrean erakutsi duten jarrera tinko eta duina, Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren ordezkarien xantaia eta presioei aurre eginez. Baserriko kideek belaunaldiz belaunaldi bertatik bizi eta zaindu duten ondareaz ari gara, eta dagoenetan edo ederrago utzi nahi dute beraien ondorengoek ere goza dezaten. Era berean, gogoratu nahi dugu AHTri aurkakotasun argia agertu dioten Itsasondo eta Legorretako udalerrietakoak direla, non herri galdeketen bidez, herritarrek egitasmo suntsitzaile honi ezezko biribila eman dioten.
Argi dago Eusko Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak AHT nola edo ala egiteko asmoa dutela. Horri aurre egiteko modua, irudimena erabiltzea da eta horregatik ehunka protesta ekintza burutu dira azken urteotan Euskal Herri osoan.
Horregatik guztiagatik, zuhaitzei sustraietatik eutsiz, Itsasondoko baso kaltetu hau defendatzeko asmoz zuhaitzetara igota dauden zenbait lagunek erresistentzia ekintza berri honi hasiera eman diote gaur. Jende guztiari dei egiten diogu AHTren aurkako desobedientzia ekimen honi babesa emateko, leku kaltetura bertara hurbiltzeko. Bertan informazio eta harrera gune txiki bat egongo da ekintzak iraungo duen bitartean. Bestalde, honako mobilizazio hauetan parte hartzera dei egiten dugu:
· Gaur, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Itsasondoko plazan kontzentrazioa eta leku kaltetura sostengu martxa zaratatsua.
· Bihar, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan Legorretako plazan kontzentrazioa eta leku kaltetura sostengu martxa zaratatsua.
· Bestalde, etzi osteguna Olaberria, Beasain eta Ordiziako udaletxeetan Espainiako Gobernuak AHTren obretarako burutu nahi dituzten lurren desjabetzak direla eta, Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak, goizeko 10.30etan, Beasaingo Udaletxetik abiatuta, deitu duen manifestazioan partehartzeko deialdia egiten dugu.
Zuhaitzei sustraietatik eutsiz, AHTrik EZ!!
2009ko irailaren 29an.
Informazio gehiago: 695715510
No hay comentarios:
Publicar un comentario